zazpi astoren gainean

Txapela buruan… iturria gainezka

Asteazkena, 2009 Ekaina 3
Kategoria: Bertso eskola

Poziturriak aipatzen ziren aurreko postean, Bigarrengo honetan posterik jo gabe gola sartu eta gaztetxok pozaren iturria gainezka jarri dutela aipatu beharko da . Donostiako Manteo kiroldegian, Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari txapelketan, irabazle izan zen gure taldea.
Alex Goikoetxea, Haritz Mujika eta Aratz Irazustabarrena bertako bertsolariei eta dagokien beste guztiei, Iker, Amaia… ZORIONAK
Ondo pasatzea zen helburu, gozatu eta gozarazi ziguten bertaratutakoei eta gainera sariz kargatuta bueltatu ginen. Gaztetxoen bertso eskolako irteera moduan arratsalde pasa egin genuen, trenean joan etorria, gero saioa eta bukatzeko afaria. Egun konpletoa, zertarako gehiago eskatu?
Hemen dago saioa Zumarrago-Urretxuko bertso eskolakoei esker, bere zubertsotan.net orrian beste gauza interesgarri askokin batera agertzen baita.
Helduen mailan Imanol Irazustabarrenak kantatu zuen, papera txukun bete eta besteek bezela mejoratzeko marjena badagoela erakutsi zuen. Hala hobeto, bestela zertarako dago bertso eskola? Nun gozatuko genuke zer ikasirik, zer eginik ez bagenu?


Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  (2) erantzun

Biba gu!!!!

Larunbata, 2009 Maiatza 23
Kategoria: Bertso eskola

Azken aldian bertso-eskola poz iturri amaigabe bihurtu zaigu. Lehenbizi, BertsolarHITZA desafioa irabazi genuen; ondoren Mikel Artolak Osinaldeko finalean entzulearen saria jaso zuen eta orain….Eskolarteko Bertsolari Txapelketako Final Haundira pasa dira asto txikienak!!!

Txikien mailan (14 urtera arte), taldeka neurtzen dira. Asteasu-Alegi taldea atera dugu, bertsolari HAAAUUUUNDI hauekin: Alex Goikoetxea, Aratz Irazustabarrena eta Haritz Mugika (erdi alegitarra, ama herritarra da eta).

Helduen mailan (14-18 urte) Imanol Irazustabarrena (ponitik astorako bidean) finalerako sailkatu da, eta Iñaki Artola finalaren ateetan geratu da, bederatzigarrena izan delarik, finalean sartzeko puntu erdi baten faltan. (Pena nik izan beharra / bederatzigarrena.)

Ikusgai duzue joan den ostiralean Beasaingo Usurbe aretoan txikienek egin zuten saioa.


Finala, Maiatzak 29 Ostirala arratseko 16:00n, Donostian Zurriola Auzoko Mantero polikiroldegian. Guztiak gonbidatuta zaudete astoak animatzera!!

P.D. Bertso mundu gaiztoko zurrumurru are gaiztoagoek diote Egañak bere erreinaldia arrixkuan ikusi duela Alegia-Asteasuko taldearekin…

Biba GU!!!

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  (2) erantzun

Zorionak Mikel!!

Astelehena, 2009 Apirila 27
Kategoria: Bertso eskola

Zoriontsu gaude astook. Eta alai. Eta arro. Ez baita gutxiagorako.

Mikel Artola bertso eskolako kideak entzuleek emandako saria irabazi zuen joan den larunbatean Gabiriako Osinalde sarian. Txapelketa garrantzitsua da berau, momentuko bertsolari gazte onenek kantatzen dutelarik bertan. Lehenik, finalerako sailkatzea lortu zuen Mikelek, eta ondoren, behin finalera iritsita, zeukan guztia eman zuen bertaratu ginenon gozagarri.

Maddalen Arzallus, Hodei Barroso, Jone Uria, Miren Amuriza, Arrate Illaro eta Mikel bera aritu ziren kantuan. Arzallusek irabazi zuen txapelketa, Amurizak bertso onenaren saria eskuratu zuen eta Artolak entzuleek emandako saria, saio eder baten ondoren.

Ez da baina Mikelek sari bat eskuratzen duen lehen aldia. Ihaz Alegiko bertso-paper lehiaketa irabazi zuen, Anorexiari jarriak izeneko bertso sortarekin. Hemen duzue bertso-sorta. Kantuan Mikel bera, Gari Zubillaga eta Beñat Garmendia Etxetxuri; musikariak Antonio Zubillaga, Manex Elola, Irati Garmendia eta Julen Goikotxea. Gozatu.


Zorionak bihotz bihotzez Mikel. Zerbeza bat zor diguk!!

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  (5) erantzun

Erregea eta Bufoia

Larunbata, 2009 Apirila 4
Kategoria: Bertso eskola

Bi astetan zehar Euskal Herria zeharkatu ondoren, bihar iritxiko da Korrika Gasteizera. Alperragoentzat baina, Korrika Kulturalak hainbat ekitaldi ezberdin antolatu ditu hilabete hauetan.

Hoietako bat izan da Erregea eta Bufoia emanaldi berezia, bertsolaria versus antzezlea. Jakina da bertsolariek (ia) beti inprobisatu egiten dutela. Kasu honetan, antzezleak ere inprobisatu egingo du, aurrez prestaturiko pertsonaia batzuen gainean.

Ekitaldi bitxi eta ezohikoa, bi arte mota ezberdin uztartzen dituena. Tuteran izandako saio honetan, Erregea Unai Iturriaga da, Bufoia Ander lipus eta gai-jartzailea Unai Elizasu.

Erregea ala Bufoia, nork irabaziko ote du hitzaren borroka honetan?


Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  (2) erantzun

Agurra

Igandea, 2009 Martxoa 15
Kategoria: Bertso eskola

Gure bloga erabat utzita izan dugun honetan, ia berriro martxa pixkat hartzerik badugun.

Horretarako, Iker Iriarte bertsolari haundiak Alegiko Gaztetxeko plaza berdingabean botatako agur ezin hobe bat aukeratu dugu.

Zurrumurruek diote 2013ko Txapelketa Nagusia prestatzen hasia dela, horretarako astean bi hiru aldiz entrenatzen delarik, izkutuan eta sekretuan. Agur honek garbi erakusten duenez, bere lana ari da fruituak ematen. Bien bitartean, gozatu Iriarteren patxara, patxaran (la navarra) eta klasearekin.

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  Erantzun(1)

Bertso-eskola martxan

Astelehena, 2008 Urria 6
Kategoria: Bertso eskola

Ikasturtea martxan jarri den honetan, bertso-eskolakook ere beste urte batez martxan jartzeko asmoa dugu.

Ostegun honetan bilduko gara arratseko zortzietan, gure betiko Intxurre elkarteko ganbaran. Esan gabe doa etorri nahi duen orok ateak zabalik dituela!! Animatu!!

Bestalde, haurren bertso-eskola ere laister izango da martxan. Emango dizuegu horren berri ere. Gure bertso eskolako gerrako garraxi bihurtu den agurrez, laister arte ta gora Loidisaletxe!!

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  (0) erantzun

Astotxoak larrean

Osteguna, 2008 Ekaina 5


Bukatu da Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa eta gure bertso eskolako gaztetxoak txalotzeko garaie da. Oso nota altukin bete dituzte jarritako helburuak, Alegiako saioan kantatu zutenak, lasai, azkar eta txukun kantatu zuten. Txikien taldeak ez zuen finalera pasatzea lortu baño ez zen urruti ibiliko eta bada zerbait alegiatik taldea ateratzea bera ere, . Hasi die astotxoak katea askatu eta bere kaxa ibiltzen.
Kultur Etxea lepo bete zen, bai hasieran bertso paperak idaztera etorritakoekin eta gero saioa entzutera bildu zirenekin. Giro paregabea!
Bertso eskolako beste kidek animatzera azaldu ziren pankarta eta guzti… eta ikusi zuten hurrengorako zer egin behar duten. Preparatu eta animo!
Gero Irurako finalak etorriko ziren, eta han Gipuzkoako Eskolarteko 28. bertsolari txapelketan bertsopaperetako irabazle izendatu zuten astotxo alegiar bat, LH 3 eta 4 . mailan.
Aratz Irazustabarrenak jantzi zuen bertan txapela, jantzi zion bere maisu den Iker Iriartek.
Hauxe irabazteko Aratzek idatzi zuen bertsoa. Alegiko Kultur Etxeko saioan idatzi ere. Gaia jarri eta ordu bete izan zuten lanerako.

Gaia. Egun hauetan ez zara telebistaren aurrean eseri
Doinua: Misiolari baten moduan

Egunak joan eta etorri
telebistaren aurrean
Imanol ta ni egoten ginen
salako sofa gainean,
egun batean ama etorri
ta esan zigun bapatean
Telebista hau geldituko da
itzalduta hilabetean…
Play Stacionen ibiliko naiz
lanen dauden bitartean

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  (4) erantzun

Entrenamenduko bideoa

Asteazkena, 2008 Maiatza 7
Kategoria: Bertso eskola

Maiatzaren 16an Gipuzkoako Eskolarteko bertslari txapelketa jokatuko da Alegian. Arratsaldeko 4:00etatik aurrera Kultur Etxean.
Etxean jokatzen degula eta zazpi astoren gainean bertso eskolako gaztetxoek ateratzea erabaki dute. Eginbeharreko ariketak zeintzuk ziren… ikusi eta entrenatzen hasi beharra zegoen. Hemen bertan grabatutako zati bat, sarean espiak baldin badaude eta beldur eszeniko pixka bat sartzeko edo, gainera ez dakite hemen jarritakoa baño askoz hobeto egiten badakitela…
Ahaztu gabe parte zeinek hartuko duten: Txikien mailan taldeka izaten da, beraz Alegiko taldea Iñaki Artola, Iurgi Goñi eta Aratz Irazustabarrenak osatuko dute, eta aurten haundien mailara pasako da 15-18 urte Imanol Irazustabarrena.
Animo guztiei eta Iker Iriarte irakasleari.
Ariketa, jolasa. Arazo teknikongatik Artolan bertsoa ez da bukatzen, zuek osatu. Proposatutako bukaera onenen artean Eskolarteko saiorako bi sarrera zozketatuko dira. On egin!


Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  (5) erantzun

Bertso afaria 2007-02-15

Igandea, 2008 Otsaila 3

Betidanik bidelagun izan dira bertsoa eta sagardotegiak. Gure bertso eskolakook ere ohitura horri eusten diogu eta gure bertso-praktikarako leku aproposagorik ez dagoela sinetsita gaude.
Horregatik, urtero egiten dugu gutxienez afari bat sagardotegian. Aurtengoa (aurtengo lehenengoa) otsailaren 15ean egingo dugu, Aldabako Hipolitonen.
Bertso-urte berriari indartsu ekiteko indarrak hartzeko balioko digu! EARRA BERTSOA!

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  (2) erantzun

2008ko kalendarioko bertsoak

Asteazkena, 2008 Urtarrila 2

Azken urteotan bezela, zazpi astoren gainean bertso eskolak kalendarioa osatzen parte hartu du. Alegiako argazkizaleen taldeak garai bateko Alegiako eta bertako bizimodua azaltzen duten fotografi zaharrak jartzen ditu eta horren inguruan, hilabete bakoitzeko bertso bana jartzen dituzte bertso eskolako kideek. AKO, Alegiako kultur orria, arduratu da egutegiaren osaketaz.

Egutegian baldin badaude ere, hemen bertsoak irakurri nahi dituenarentzat, eta kalendarioa lortu nahi duenak berriz badaki idatzi guri. Ez da derrigorra bertsotan egitea, ezta ondo egitea ere.

2008ko kalendarioko bertsoak

Hor portadan doan argazki bat ere, A.M. Elizalderi esker argazkizaleen taldeak eskuratu duena eta 1945 inguruan ere zahagiardoak egiten zirela erakusten diguna. On egin!

Zabaldu zabaldu |  delicios del.icio.us |  Bildu.net Bildu  |  (0) erantzun






















"Zazpi astoren gainean" bertso eskola
20.260 ALEGIA

Get free blog up and running in minutes with Blogsome
Theme designed by Riosoft